web
Lineaz kanpo zaude. Orriaren bertsio hau irakurtzeko soilik da.
close
Hurrengo ataletan, balio erantsiaren gaineko zergari (BEZ) buruzko galdera ohikoenak kontsultatu ahal izango dituzu.

Araubideak

Nori aplikatzen zaio BEZaren araubide orokorra eta zertan datza?

Araubide bereziak aplikatu ezin direnean, araubide erraztuari uko egiten zaionean edo horretatik edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzarako araubide berezitik kanpo geratzen denean aplika daiteke araubide orokorra.

Eragiketa bakoitzaren zenbatekoari dagokion BEZa eta eragiketa egiten den momentuan indarrean dagoen tasa aplikagarria jasan beharko dute bezeroek.

Ondasunen eta zerbitzuen hornitzaileek ere egoki den BEZa jasan beharko dute. Sortutako BEZaren (hots, bezeroei aplikatutako BEZaren) eta jasan den BEZ kengarriaren (hornitzaileek jasandakoaren) arteko aldea kalkulatu eta sartu beharko da.



Informazio gehiago

Nori aplikatzen zaio BEZaren araubide erraztua?

Ondorengo baldintzak betetzen dituztenei aplikatzen zaie araubide erraztua:

  • PFEZn errentak emateko erregimenean dauden pertsona fisikoak edo erakundeak izatea. Erakundeak badira, bazkide, oinordeko, erkide edo parte-hartzaile guztiek pertsona fisikoak izan behar dute.
  • Haien jarduera bakoitza Bizkaiko Ogasun eta Finantzako foru diputatuak emandako Foru Aginduan bilduta egotea (Foru Agindu horren bidez onetsi ziren Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide berezi erraztuaren indizeak eta moduluak) eta bertan jarduera bakoitzerako ezarrita dauden mugak ez gainditzea. Urtero argitaratuko da Foru Agindu hori.
  • Aurreko urteko sarreren kopurua honako zenbateko hauek baino handiagoa ez izatea:
    1. 150.000 euro jarduera ekonomiko guztietarako. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, muga 250.000 eurora ezartzen da, nekazaritzako, basozaintzako eta abeltzaintzako jarduerak kanpoan geratuko diren arren.
    2. 250.000 euro nekazaritzako, basozaintzako eta abeltzaintzako jardueretarako.

      Aurre-aurreko urtean zehar jardueraren bati ekin bazaio, jarduera horretako sarreren kopurua urte osorako hartuko da.

  • Aurreko ekitaldiko ondasunen eta zerbitzuen eskuraketen eta inportazioen bolumena, ibilgetuen eskuraketak kontatu gabe, ez izatea urtean 150.000 eurotik gorakoa (BEZ gabe). 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, muga 250.000 eurora ezartzen da.
  • Jarduera hasita egonez gero, erosketen bolumena urtekoratu egingo da. Azpikontratatutako obra edo zerbitzuen zenbatekoa, berriz, kontuan hartuko da muga hori kalkulatzeko.
  • Beren-beregi edo ezer esan gabe araubide hori aplikatzeari uko egin ez izana
Zertan datza nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia?

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezian ez dago ustiapenetan lortutako produktu naturalen salmentagatik BEZa jasateko, likidatzeko edo sartzeko betebeharrik, ezta jarduera horretan erabilitako inbertsiorako ondasunen entregengatik ere, ibilgetuak ez badira.

Ez dira jardueran baliatutako ondasun edo zerbitzuen eskuraketetan jasandako edo asetako BEZaren kuotak kentzen.

Beren eskuraketetan jasandako BEZaren kuotak kendu ezin direnez, goren mugako konpentsazioa jasaten dute produktu naturalak nekazaritzaren araubidera atxikita ez dauden eta beren-beregi salbuetsita dauden barneko eragiketak egiten ez dituzten beste enpresari batzuei ematean. Konpentsazio hori kengarria da ordaintzen duen enpresariarentzat.

Nekazaritzako edo basozaintzako ustiapenetan eta horien zerbitzu osagarrietan lortutako produktuen salmenta-prezioari %12 aplikatzetik eratorritako kopuruaren parekoa litzateke konpentsazio hori. Konpentsazioa %10,5ekoa izango da abeltzaintza edo arrantzako ustiapenetan lortutako produktuak ematean eta zerbitzu osagarriak eskaintzean.


Informazio gehiago

Zertan datza baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia?

Hornitzaileek dute BEZaz gain baliokidetasun-errekargua ere sartzeko betebeharra. Horretarako, egoki den BEZa eta baliokidetasun-errekargua jasanarazten dizkiote txikizkako merkatariari, fakturan, bereizita eta ondorengo tasekin:

  • %21eko tasa orokorra duten artikuluak: % 5,2ko emendatzea
  • %10eko tasa murriztua duten artikuluak: % 1,4ko emendatzea
  • %4ko tasa erabat txikitua duten artikuluak: % 0,5eko emendatzea
  • Tabako gaiek % 1,75eko emendatzea

Txikizkako merkatariak, bere merkataritzako eragiketetan eta beren-beregi jarduera horretan erabilitako ondasunen edo eskubideen eskualdaketetan BEZa jakinarazi behar dio bere bezeroei, baina ez emendatzea. Dena den, ez da emendatutako kuota horiek autolikidazio batean kontsignatzera edota zerga sartzera behartuta egongo. Era berean, ezin du jarduera horietan jasandako BEZa kendu.

Horrenbestez, txikizkako merkatariak ez du zertan sarrerarik egin behar jarduerarengatik, baina bai Batasunaren barruko eskuraketengatik, inbertsioagatiko eta karu batzuetan higiezinen eskualdaketagatiko subjektu pasiboa denean.

Jarduera horretara atxikitako ondasun higiezinak saltzen badira eta zergaren baldintzetan eragiketa bigarren eskualdaketa modura hartzen bada, baliteke salbuespena ukatu ahal izatea eta beraz, eragiketa horretan sortutako BEZa jasan, likidatu eta sartu behar izatea.

Informazio gehiago

Higiezinen alokairuak

Partikular batek garaje-partzela bat dauka, eta beste pertsona bati alokatu dio. BEZaren mende al dago alokatze hori?

Partikular batek bere garaje edo merkataritzako lokal bat alokatzen baldin badu, enpresari bihurtzen da, BEZaren ondorioetarako; hortaz,BEZa jasanarazi beharko dio maizterrari, zergaren diru-kopurua sartu, eta zerga horren subjektu pasiboei dagozkien gainerako betebehar guztiak bete.

Baldin eta pertsona batek etxebizitza bat errentatzen badu, BEZa jasanarazi behar al du?

BEZetik salbuetsita egongo diren bakarrak berariaz eta bakarrik etxebizitza diren eraikinak eta eraikin zatiak dira, eta horien barruan sartzen dira horiekin batera errentatu diren garaje erantsiak eta altzariak. Etxebizitzatzat jotzen dira eraikinak, edo horien atalak, pertsona fisiko bat edo familia bat bertan egoteko eta bizitzeko denean, euren etxea edo etxeko bizitzaren egoitza denean, hala izaera iraunkorrarekin nola aldi baterako izaerarekin (adibidez, udako alokairuak, edo jostetarako direnak aste, hil edo egun batzuetan, beti ere lotuta ostalaritzakoak diren zerbitzu propioen prestaziorik ez dutenean).

Ez daude salbuetsita ondoko alokairu hauek:

  • Erabilera mistoa duen etxebizitza, hau da, etxebizitza edo profesional baten idazguarena.
  • Errentatzailearen konpromisoa ostalaritzako industriakoak diren zerbitzu propioak ematea denean (adibidez, arropa, maindire, toalla eta abarren garbiketa eta ikuzketa).

Loturak

Azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauko 20. artikulua

Mediku batek etxebizitza bat errentan hartu du. Kontsulta etxean bertan dauka, eta han lan egiten du goizez. Alokairua hileko 1.000 eurokoa da, eta bulegoak etxebizitzaren azalera osoaren %15 okupatzen du. BEZa jasanarazi behar dio jabeak maizterrari? Zein oinarriren arabera?

Errentariak BEZa jasanarazi beharko dio maizterrari: eragiketa BEZaren mende dago, eta ez dago BEZa ordaintzetik salbuetsita. Zerga-oinarria hileko 1.000 euroko alokairua izango da, eta tasa orokorra aplikatu beharko du, bulegoak zenbat okupatzen duen alde batera utzita.

Laburbilduz, maizterrak etxebizitzan enpresa- edo lanbide-jarduera bat egiten badu, alokatze hori BEZaren mende dago, eta ez dago BEZa ordaintzetik salbuetsita.

Deitu, eta zure zalantzak argituko ditugu
946 125 500

Beste kasu batzuk

Nola berreskura daitezke jasanarazitako eta kobratu gabeko BEZaren kuotak?

BEZaren Foru Arauak zerga-oinarria aldatzen den kasu batzuk azaltzen ditu: besteak beste, hartzekodunen konkurtsoa gertatzen denean eta kreditua ordaintzen ez denean (osorik zein zati bat).

Horrez gainera zerga-oinarria aldatzeko bete beharrekoak ezartzen ditu, bai eta eragiketa horiek egiteko epealdiak ere. Horretarako faktura zuzentzailea egin behar da fakturen araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

4/2013 Foru Dekretuak 15.2 artikuluan ezartzen du faktura zuzentzailea egin behar dela kreditu bat ordaintzen ez denean eta hartzekodunen konkurtsoa gertatzen denean.

Faktura zuzentzaileak garaiz eta forman erregistratu behar dira eta Zerga Administrazioari jakinarazi behar zaizkio zuzenketak agertzen diren eredu baten bidez, jasanarazitako eta kobratu gabeko kuotak berreskuratzeko.

Kanpoaldearekiko eragiketak
BEZaren 303 eta 390 ereduak Egoitza Elektronikoan aurkezteko eskuliburua

Lagundu hobetzen

Nola baloratzen duzu artikuluaren erabilgarritasuna?

Gogobetetze-maila

Eskerrik asko zure balorazioa partekatzeagatik, honek zure esperientzia hobetzen laguntzen digu.

Maiz egiten diren galderak

Laguntza gehiago behar duzu?