2/2025 Foru Arauak artikulu berri hau sartu zuen eta 5/2025 Foru Arauak azken paragrafoa gehitu zuen, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin
Kapital higiezinaren etekin garbia foru-arau honen 32. artikuluko 2., 3.,4. eta 5. apartatuetan xedatutakoaren arabera zehazten duten zergadunek errentamendurako den etxebizitza birgaitzeko ordaindutako kopuruen 100eko 18ko kenkaria aplikatu ahal izango dute, urteko 3.000 euroko mugarekin.
Ondorio horietarako, birgaitzetzat hartuko dira jabeak errentan emandako etxebizitzan egindako obrak, baldin eta ebazpen batek jarduketa babestu gisa kalifikatu edo deklaratu baditu obra horiek, Eusko Jaurlaritzaren 2002ko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan xedatutakoaren arabera (dekretu hori ondare urbanizatu eta
eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa da, edo babesteko moduko jarduketa gisa kalifikatu badira abenduaren 12ko 2066/2008 Errege Dekretuak edo hura ordezkatzen duten antzeko arauek xedatutakoaren arabera.
Orobat, birgaitzetzat hartuko da ohiko etxebizitzan egokitzapenerako egiten diren obra eta instalazioak, bai eta eraikinaren elementu erkideak aldatzeko egiten direnak ere, baldin eta nahitaezko pasabide badira hiri-lurreko finkaren eta bide publikoaren artean, hala nola eskailerak, igogailuak, pasabideak, atariak edo arkitekturako beste
edozein osagai; eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen zentzumenezko komunikaziorako edo haien segurtasunaren sustapenerako oztopoak gainditzeko gailu elektronikoak ezartzeko beharrezko direnak, erregelamenduz ezarritako baldintzetan.
Artikulu honetan aurreikusitako kenkariaren ondorioetarako, aurreko lerrokadetan aipatutako zenbatekoei zergadunak etxebizitza birgaitzeko jaso dituen dirulaguntzen zenbatekoa kenduko zaie, hala badagokio, zerga hau arautzen duen araudia aplikatuz salbuesten badira.